GURE HISTORIA
Gure historia, gure bermerik onena
1960an, Espainiako iparraldeko landa eremu bateko hamazazpi ekintzailek enpresa proiektu bati ekin zioten, eskualdean enplegua sortzeko helburuarekin. Hasieran, Talleres de Ochandiano S. Coop.ek nekazaritzarako makineria fabrikatzen zuen. Hala ere, industrializazioaren gorakadak aukera berriak ireki zizkigun galdaragintzako elementuen eta tamaina handiko nekazaritza instalazioetarako osagaien diseinuan eta fabrikazioan. Denborarekin, gure esperientzia eta garraio sistema eraginkorren eskaera gero eta handiagoa aprobetxatu genituen –industriako aurrerapen teknologikoen eta automatizazioaren ondoriozkoak bi horiek–, eta gure produktu zorroa hedatu genuen, zinta garraiatzaileetarako osagaiak fabrikatuz.
80ko hamarkadan, Espainiako iparraldeko zentral termikoen eta altzairutegien gorakadak ikatza garraiatzeko eskaera nabarmen handitzea ekarri zuen. Gertaera horrek, eskualdeko hazkunde industrialarekin batera, esponentzialki bultzatu zuen gure negozioa, batez ere garraiatzaileetarako arrabolen eta girlanden fabrikazioa.
Horren ondorioz, produkzioko hiru unitate autonomo sortu ziren: Enbalajea, Mantenua eta Meatzaritza; eta, 1984an, arrabolak eta girlandak ekoizteko planta esklusiboa eraiki genuen.
1990ean, kooperatibak Rochman S. Coop. izena hartu zuen, eta enbalaje makinen, arrabolen eta girlanden esportazioari ekin genion.
Jarduera horien bilakaera positiboaren ondorioz, 1995ean arrabolen eta girlanden lantegia handitu genuen, eta 1999an Mantenu Dibisiorako planta berri bat inauguratu genuen.
Gure konpainiaren eta ULMA Taldearen arteko sinergien ondorioz, negozio batzuetan, bi erakundeen batzar nagusiek Rochman S. Coop. ULMA Taldean sartzea onartu zuten. Hala, 2008ko maiatzean, ULMA Conveyor Components S. Coop. jaio zen, esklusiboki zinta garraiatzaileetarako osagaiak fabrikatzen eta merkaturatzen aritzen dena.
Karga arinen aplikazioak alde batera utzi genituen, eta exijentzia handiko arrabolen eta Heavy Dutyren diseinuan eta fabrikazioan espezializatu ginen.
Aldi berean, sonoritate txikiko arrabolak garatu ditugu, hiriguneetatik hurbil dauden instalazioetarako.
2013 eta 2014 artean egoitzak ireki genituen Txilen, Perun eta Alemanian, eta homologazioak eta kontratuak lortu genituen herrialde horietako meatzaritzan, bai eta Indonesian ere.
Gure merkataritza estrategia meategi handietara eta ingeniaritza proiektuetara bideratzen dugu, merkatu horietan kalitateak eta zerbitzuak balio erantsia ematen baitiete gure produktuei.
2017an, arrabolen monitorizaziorako lehen sistema merkaturatu genuen, GAZIMO 1.0., ekoizpen teknika aurreratuak teknologia adimendunekin integratuta.
Aldi berean, nazioartekotzeko pausoak eman ditugu, eta gure salmenta sarea AEBra, Australiara, Mexikora eta Kanadara zabaldu dugu.
Pandemian, herrialde estrategikoetan gure salmenta sarea indartu genuen, eta gure balio katea optimizatu, solteko materialaren garraioan irtenbide garrantzitsuak eskaintzeko:
- Hobekuntza logistikoak ezarri genituen, erantzuteko gaitasun handiagoa bermatzeko.
- Lean Services metodologia geureratu genuen, bezeroari zerbitzuak ematean eraginkortasuna eta kalitatea areagotzeko.
- Produktu gama berriak garatu genituen, hala nola konpositezko arrabol ultra-arina, eta berriz merkaturatu genuen danbor lerroa.
Kanadako merkatura sartu, eta herrialde hartan filial komertzial bat ireki genuen.